“Bidean nago, baina bideaz ere gozatu nahi dut”

zelanRakel Beroiz
(Agoitz, 1978)
Pirinioetako AEKn ikasle da, aspalditik, Rakel Beroiz. Hogei urterekin hasi zen euskara ikasten, eta bi epealditan ibili da euskaltegian, Agoitzen. Bietan, euskaraz bizitzeko gogoz eta motibazioz gainezka.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Hogei urte inguru nituenean, konturatu nintzen euskaraz ezin nuela ezta garagardo bat ere eskatu. Gure hizkuntza izanda, zerbait egin behar nuela erabaki nuen, ez baitzen batere sanoa horrela jarraitzea. Bolada hartan, jende nahiko zegoen Agoitzen AEKn, beraz, izena eman nuen.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Txikitan euskara ikasi ez dugunok gero, bizitzan, bi aukera ditugu: ikasi ala ezer egin ez. Eskerrak lehenengoa aukeratu nuen, horrela koloretako mundu bat aurkitu bainuen. Beste mundu bat.
Nolako prozesua izan duzu?
Bada, oraindik prozesuan naiz. Halere, bi fase izan ditudala esan daiteke. Lehenengoan, hogei urte nituenean, AEKn izena eman nuen. Hutsetik hasi, eta hiru urte egin nituen. Oso gustura joaten nintzen euskaltegira, baina taldea, poliki-poliki, desagertu egin zen. Ez zegoen jenderik jarraitzeko, beraz, utzi egin nuen. Orain dela bost urte, denbora gehiago neukanean, lagun batek esan zidan jendea behar zutela euskaltegian taldea osatzeko, eta izena eman nuen berriro. Herdoilduta nuen euskara, erabat. Bestalde, motibazio handia jaso nuen lehenengo egunetik. Gogoa piztu zidan irakasleak, Arantzako barnetegira joan nintzen lehenengo urte hartan, eta, batez ere, eskola guztiak disfrutatu nituen. Aurten, bosgarren ikasturtea bete dut, eta uste dut gero eta gogotsuago nagoela euskarari dagokionez.
Zer izan da zailena zuretzat?
Nire irakaslearekin bat nator: hark dio errazak ez diren gauzak baino ez daudela. Dena den, herri txikietan ratioa betetzea batzuetan ez da erraza izaten. Ratio hori betetzeko, ahalegin handia egin behar da.
Eta errazena?
Euskara ikasten jarraitzea. Gaur egun, ezin dut irudikatu nire bizitza euskararik gabe, eskolarik gabe. Ez dut imajinatu nahi zenbat une galduko nituzkeen euskarara hurbildu ez banintz. Mundu honen atzean zer dagoen jakinda, neure buruaren zati bat ez nuela ezagutzen sentituko nuke. Bidean nago, bai, baina bideaz ere gozatu nahi dut.
Erabiltzen duzu?
Bai. Gehiago erabili nahiko nuke, baina, egia esan, gero eta lagun euskaldun gehiago dut inguruan.
Gustuko hitza edo esamoldea:
Musu-truk hitza izugarri maite dut. Gainera, uste dut euskararekin harreman estua duela. Alde batetik, oso une onak eman dizkigu euskarak, musu baten truke. Bestetik, nire ustez, jende askok lan izugarria egiten du euskararen alde, modu berean.
Trikimailuren bat?
Eskola bakoitza azkena izango balitz bezala disfrutatzea. Ongi pasatzea, bai eskolan bai kanpoan. Guk, adibidez, eskoletatik aparte, noizean behin bazkari bat, afari bat, mendi txango bat, Arantzan asteburu bat... antolatzen dugu. Hor ere asko ikasten da.
Euskaraldian parte hartuko al duzu?
Bai. Aurrekoan, euskaltegiko taldekook parte hartu genuen, eta herrian ere nabaritzen zen belarriprest eta ahobizi pila bat zebilela. Agoitzen, pertsona batzuekin euskaraz aritzen naiz normalean, eta beste batzuekin inoiz ez. Bada, aurreko Euskaraldian, azken horietako batzuk txapa soinean ikusi, eta pentsatzen zenuen: “Hara, honekin ere egin dezaket!”.