“Hizkuntzak, erabiltzen ez badira, ahaztu egiten dira”

zelanIñigo Sainz de la Maza
(Algorta, 1991)

Txikitan euskara ikasi eta erabili arren, haurtzaroan galdu zuen Sainz de la Mazak. Egun, Mexiko Hirian bizi da, eta han bizi denetik ari da euskara berreskuratzen, online bitartekoak baliatuz: online euskaltegia eta Mintzanet. Ekainean, Euskal Herrian izan dugu, C1 mailako azterketa egiteko.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Uste dut nire kasua bitxia dela. Bost urte bete arte, ikastola batean ikasi nuen; hortaz, ikasgelako lagunekin zein auzokideekin euskaraz berba egiten nuen maiz. Gogoratzen dut hitz jario aldetik ez nuela arazorik. Gero, gurasoek eskolaz aldatu, eta A ereduan ikasi nuen, bai ikastetxean bai unibertsitatean. Tamalez, euskara bazterrean utzi nuen, eta 28 urte bete arte ez dut ia erabili.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Nire bikotekideari lan eskaintza bat egin zioten Mexikon, orain dela urte eta erdi. Ni Algortako banketxe batean ari nintzen lanean, eta erabaki nuen lanpostua uztea Mexikora harekin joateko. Gauzak horrela, denbora pila bat eta eginkizun gutxi nuenez, neure buruari esan nion euskara ikasteko aukera paregabea izango litzatekeela. Bila hasi, eta online euskaltegia aurkitu nuen.
Nolako prozesua izan duzu?
Bueno, hasiera ez zen batere erraza izan. Sekulako ezintasuna sentitu nuen. Gogora etortzen zitzaidan zelako erraztasuna neukan txikia nintzenean. Denok dakigu hizkuntzak, erabiltzen ez badira, ahaztu egiten direla. Bidea gogorra izango zela kontuan izanda, nire lehen online ikastaroa lasaitasun osoz hartu nuen. Esan beharra daukat denboran aurrera egin ahala erritmoa hartu nuela eta “lotan” neukan euskara azaleratu egin zela.
Zer izan da zailena zuretzat?
Esan bezala, hasiera. Batez ere, idazlanak; orri aurrean jartzea eta ideiarik ez burutzea zail samarra zen.
Eta errazena?
Hitz egitea. Nire lehen ikastaroko tutoreak Mintzanet webguneari buruz hitz egin, eta ez nuen birritan pentsatu. Mexikon egonda oso ondo zetorkidan. Izena eman nuen eta berehala mintzalagun bat iradoki zidaten. Harrezkero, Annerekin astean behin hitz egiten dut.
Erabiltzen duzu?
Egia esan, gehiago erabiltzea gustatuko litzaidake. Algortako kuadrillari esan diot bueltatzen naizenean euskaraz hitz egingo dugula.
Une barregarriak ere emango zizkizun...
Bada, bai! Iaz, Mexiko Hiriko Euskal Etxean... ez nekien hainbeste euskaldun egongo zenik, euskaldun peto-petoak, gainera: azpeitiarrak, hondarribiarrak, zarauztarrak... Sartu nintzen biribil batean nire euskara batuarekin, eta desastre hutsa izan zen. Niretzat, haien hizkera beste hizkuntza bat zen, erabat desberdina.
Gustuko hitza edo esamoldea:
“Neure buruari galdetzen diot” edo “Aurkeztu zeure burua”… Ez dakit, oso bitxia zein erabilgarria iruditzen zait.
Trikimailuren bat?
Zure euskara maila hobetu nahi baduzu, ikusi Ur Handitan saioa. Xabier Madariagaren hizkera izugarria iruditzen zait.