“Pribilegiatua sentitzen naiz euskara ikasteko aukera edukitzeagatik”

anneAnne Støkken
(Vestby, Norvegia, 1965)
Urtebeterako etorri zen Euskal Herrira, gaztelania ikasteko asmoz; 30 urte igaro ondoren, baina, gurean jarraitzen du. Gaur egun, Bilboko Indautxu AEK euskaltegian ari da ikasten, B2 mailan.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Gaztelania ikastera etorrita, herri txiki eta zoragarri hau aurkitu nuen. 1990eko udan heldu nintzen, eta lehen bi hilabeteak Lekeition eman nituen familia batekin, au pair. Txoke handia izan zen, eta oso frustragarria, artean ez nekielako euskara eta gaztelania bereizten. Kultura ere oso desberdina zen, nahiz eta  gaur egun alde hori gutxiago nabaritu, globalizazioagatik. Hemengo jendea oso jatorra zen, beti laguntzeko prest, baina hasieran oso galdua sentitzen nintzen. Gaztelania ikastea nuen lehentasun, eta bost urteren ostean egin nuen lehen euskara ikastaroa.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Oso logikoa da niretzat: hemen bizi naiz. Euskal Herrian beste hizkuntza batzuk ere erabili arren, hemengoa euskara da. Gainera, ez da hizkuntza bakarrik: kultura, bizitzeko modua eta pentsatzeko era desberdinak dira. Pribilegiatua sentitzen naiz euskara ikasteko aukera edukitzeagatik. Hain hizkuntza zaharra, urte askoan debekatua egondakoa, batzuek mespretxatua... Dena kontra zeukan, baina hemen jarraitzen du. Merezi du euskararen alde borroka egitea, euskaldunei ohore egitea.
Nolako prozesua izan duzu?
Lehenengo, hitz gako batzuk ikasi nituen, baina gero euskaltegira joan nintzen. Ikastaro batzuk egin nituen, baina gero utzi egin nituen eskolak. Gero, berriro hasi, eta utzi. Duela urte batzuk hasi nintzen berriro, eta orain aurrera noa, tipi-tapa, baina aurrera.
Zer izan da zailena zuretzat ?
Norvegieraren gramatika nahiko sinplea da, eta eskolan ez dugu hainbeste ikasten. Euskaraz, ordea, gramatika osoa ikasi nuen. Badakit oso hizkuntza logikoa dela, baina nire arazo handiena aditza eta bere formak dira, nor-nori-nork...
Eta errazena?
Beharbada, hitz egitea. Jende askok eskertzen dit ahalegina, eta hori oso motibagarria da niretzat. Hobetu egin nahi dut.
Erabiltzen al duzu?
Noski, nik ez dut ikasi titulurik lortzeko. Integratuta sentitu beharra dut, horregatik erabiltzen dut. Bilbon bizi naiz, zaila da euskaraz bizitzea, baina nik denda zehatz batzuk dauzkat, eta badakit nork hitz egiten duen euskaraz. Harategian, adibidez, euskara gaztelania baino lehenago ikasi nuela uste zuten. Beti euskaraz mintzatzen gara, eta nahiz eta beti dena ulertu ez, konpontzen gara. Garrantzizkoena hitz egitea da, hizkuntza aldatzean magia eta xarma apurtzen ditugu, eta  erraz jotzen dugu gaztelaniara.
Gustuko hitz edo esamolde bat?
Ametsik gabeko bizia, izarrik gabeko gaua.
Trikimailuren bat?
Ingeles eskolak ematen ditut, eta nire ikasle batzuek pentsatzen zuten ingelesa bakarrik nekiela. Beraiekin ingelesa bakarrik erabiltzen dut, eta euskaraz berdin. Norekin egin dezakegun euskaraz jakin behar dugu; ez da erraza, baina ahalegin handia egin behar dugu. Pazientzia eskatu behar diegu euskaldun zaharrei ere, beraien laguntza garrantzitsua baita. Dena den, dantza, pilates saioak, telesailak edota hobbyak euskaraz bizitzea da gakoa.