“Jendeak euskara ikasi nahi badu, ausarta izan eta soilik euskara erabili beharko luke”

zelanMarija Louvric
(Osijek, Kroazia, 1988)

2017an iritsi zen Zestoara, eta berehala hasi zen euskara ikasten, AEKn. Kroaziera eta ingelesa hitz egiten ditu, gaztelania ez, eta egun euskaraz bizi da, dela Uzkudun harategian lanean, dela lanetik kanpoko egunerokoan. AEKn jarraitzen du, eta Mintzalagun programan ere parte hartzen du.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Lehenengo, nire senarra etorri zen hemen lan egitera. Hilabete geroago, semea eta biok etorri ginen. Txikia parkean ibiltzen hasi zen, umeekin, eta hemen bizi nahi zuela esan zigun. Haren ikastetxean denek hitz egiten dutenez euskaraz, “Neuk ere ikasi beharko dut” pentsatzen nuen. 2017ko urrian, AEKn hasi nintzen, euskara gaztelania baino zailagoa delako. Hau da, erabaki nuen lehenengo hizkuntza zailagoa ikasiko nuela, euskara, eta gero errazagoa, gaztelania.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Zailagoa delako eta semearen ikastetxean denek hitz egiten dutelako: ikasleek, gurasoek, irakasleek...
Nolako prozesua izan duzu?
Zaila. Baina poliki-poliki... Ez daukat aukerarik: euskara hautatu nuen, eta gaztelaniaz ez dut hitz egiten, hortaz, ikasi egin behar dut.
Zer izan da zailena zuretzat?
Lehenengo urtean, dena. Bi hitz bakarrik nekizkien: agur eta kaixo. Lehenengo urtean, gramatika kostatu zitzaidan batez ere. Orain, hitzak, hiztegia. Badaukazue ez dakit zenbat milioi hitz, orduan... Ingelesa, azkenean, errazagoa da.
Eta errazena?
Ezer ez, kar-kar! Zestoa herri euskalduna da, eta jendearekin hitz egiteko abantaila da. Baina lehenengo zerbait ikasi behar dut. Nolanahi ere, aurreneko urtean, egia esan, ezer ez zitzaidan erraza iruditu. Orain... bada, gramatika errazagoa da. Taula besterik ez duzu ikasi behar, buruan sartu, eta kito!
Erabiltzen al duzu?
Bai, egunero. Senarrak ez du euskaraz hitz egiten, gaztelaniaz ere ez, eta semeak, egia esan, kaleko hizkera erabiltzen du. Horregatik, nik oso-oso gutxi ulertzen dut. Dena dela, senarrak ez ulertzea nahi dugunean, adibidez, semeak eta biok euskaraz egiten dugu. Senarrak beti esaten du baietz, ikasi behar duela...
Gustuko hitz bat edo esamolde bat:
Egia esan, ez dakit. Besarkada, agian. Oso indartsua da, baina samurra.
Trikimailuren bat?
Harategian, esaterako, irratia euskaraz entzuten dugu egunero. Horrela, poliki-poliki, hitzak buruan sartzen dira, eta errazagoa da ulertzeko. Horrez gain, zerbait ulertzen ez baldin badut, nagusiei eskatzen diet azaltzeko. Galdetu beldurrik gabe! Bestalde, jendeak gaztelaniaz hitz egiten badu, baina euskara ikasi nahi badu, nik uste dut euskara besterik ez duela erabili behar, gaztelania albo batera utzita. Animo euskararekin, eta kito! Ahaztu gaztelania, ingelesa edo ez dakit zein hizkuntza. Egin euskaraz bakarrik, eta jarraitu aurrera! Izan ausarta. Adibidez, AEKn, euskara eskoletan ikasleek ezin badute hitz bat euskaraz esan, gaztelaniaz esaten dute. Bada, esplikatu hitza euskaraz, eta ikusiko dugu zein den.