“Jendaurrean euskaraz egiten hastea izan zen zailena niretzat”

zelanIñigo Fdez. de Martikorena
(Begoña, 1972)

Amona euskalduna zuen, baina gaztelaniaz egiten zion Iñigori, mutikoak ez zekielako euskaraz. Orain, ordea, hainbat euskaldun dira familian, eta Iñigo euskaraz bizi da. Izan ere, euskaltegian ikasi ondoren, unibertsitate garaian bukatu zuen euskalduntze prozesua.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Hainbat arrazoirengatik: abertzalea izanda, gure hizkuntzaren jabe izan behar nuelako; familian, gure amona euskalduna zen, baina niri gazteleraz egiten zidan, euskaraz ez nekielako; euskara azterketa batean, 0,5 ipini zidaten, izena eta data ondo jarri nituelako...
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Kontraesan handia zelako niretzat ez jakitea, maila guztietan.
Nolako prozesua izan duzu?
Zorte handia izan dut, nire euskalduntze prozesua unibertsitate garaian bizi izan nuelako. Bertan euskaldun asko ezagutu nituen, eta sortu nituen harreman sare gehienak euskaraz izan ziren. Horrek lagundu ninduen asko. Aurretik aritu nintzen euskaltegian, baina aipatutako sare horiek eman zidaten motibazioa berriro ere ikasten hasteko eta akatsak zuzentzeko. Euskaltegian ere lagun asko egiteko aukera izan nuen.
Zer izan zen zailena zuretzat?
Jendaurrean euskaraz egiten hastea. Elkarrizketa elebidunak ohituratzat hartu nituen bolada batean, batez ere Glezkin lagunarekin. Berak eman zidan "bultzadatxoa", hanka lasai asko sartzeko gune segurua eskainita. Geroago etorri zen publikoan euskaraz berba egitea: Santutxun izan zen, EHUko irakasle kaleratuen inguruko bilera batean; Enrike Lopezek aipatu zidan bilera elebakarra izango zela, eta euskaraz egitera animatu ninduen. Hor hasi nintzen lehenengo izerdi tantak botatzen.
Eta errazena?
Itzubaltzetako (Erromo, Getxo/Leioa) Ganbara AEK euskaltegian ezkutaketan jolastea, eskolen osteko zuritoak, Puto Jeferi (euskaltegiko irakasleetako bat) adarra jotzea, bertsolaritza saioak eta horrelakoak...
Une barregarriak ere izango ziren prozesu hartan...
Asko eta asko! Ganbara euskaltegiko hauteskundeak ditut gogoan (euskaltegiko ekintza bat izan zen). Kanpaina estu baten ondoren, Alderdi Raulianoak garaitu zuen gure alderdia (Gozoak). Gora Fideo lehendakaria!
Erabiltzen duzu euskara eguneroko bizimoduan?
Bai, zortea izan dut horretan ere. Ia beti izan dut aukera euskaraz lan egiteko; familian ere, bagara hainbat euskaldun orain; eta eguneroko bizitza egin dezaket euskararen espaloitik jaitsi barik.
Gustuko hitza edo esamoldea?
Batzuk: supituki, prefosta... eta, batez ere, hamaiketako.
Euskara ikasten lagundu zizun trikimailuren bat?
Batez ere, hasieran saiatu nintzen ez obsesionatzen: euskaraz esango nuenak eta aurretik gaztelaniaz pentsatuta neukanak ez zuten zertan %100 berdinak izan. Ondoren, konfiantzazko lagunekin jauzia egitea, publikoki egin aurretik; eta, azkenik, ahalik eta lasterren ordezkatzea pentsamendu hizkuntza: oso lagungarriak dira prentsa idatzia, telebista, irratia, bertso saioak eta ordu txikiak arte luzatzen diren elkarrizketak.