“Euskara ikasi nahi baduzu, zure bizitzan txertatu behar duzu; orduan, dena azkarrago doa”

rubenRuben Sanchez Bakaikoa
(Zaragoza, 1975)

Zaragozan jaio arren, txikitatik Gasteizen bizi izan da Sanchez. Hantxe hasi zen, gaztea zela, euskara ikasten. Bertsolaria eta bertso eskolako irakaslea, AEK-ko irakasle ohia, Konpost musika taldeko abeslaria, Hondarrak (Txalaparta, 2019) eleberriaren egilea... Bistan denez, euskaraz bizi da. Argazkia: Foku.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
A ereduan ikasi nuen, Gasteizko apaiz eskola batean. Uste dut 5. mailan izan genuela lehen aldiz euskara eskolatxo bat. Azaldu ziguten boca esaten zela ahoa, eta brazo besoa... Gasteizen, orduan, oso arrotza zen... euskara ez ezik,  agur hitza bera ere entzutea. Nerabezaroan, euskarak erakarri egin ninduen. Ikusten nuen, gainera, apaiz eskola hartako irakasleei, apaizei eta abarri kontra egiteko bide bat zela.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Apaizen kontra egite horretatik badu zerbait. Niretzat, euskara hautu bat izan zen. Gogoan dut latin irakasleak azaldu zigula, lehen eskolan, latina ikastea euskara ikastea baino garrantzitsuagoa zela. Orduan, niregan sortu zen halako zer bat... Horixe izan zen lehenengo bultzada. Ondoren, enpresa ikasketak egitera Oñatira joan nintzenean, euskaraz bizi zen herri bat ezagutu nuen. Pixkanaka, ikusten duzu badagoela hizkuntzaren atzean kultura bat, mundu bat... Hasieran, inbidia eragiten zidan, eta, gero, jakin-mina. Hori guztia ezagutzeko hasi nintzen euskara ikasten.
Nolako prozesua izan duzu?
Oso dibertigarria. Lehen, bakarrizketa bat egiten nuen, eta bukaera aldera esaten nuen euskara ahaztu nahiko nukeela, berriro ikasi ahal izateko, kar-kar! Tira, sekula ez duzu ikasten bukatzen, baina esan nahi dut prozesua nahiko autodidakta izan zela. Inoiz ez nuen eman izena euskaltegi batean! Barnetegiren batean edo bestean bai, baina... Behin, erabaki nuen euskaraz egiten zutenekin euskaraz egingo nuela. Orduan, dena aldatu zen, ez nuen gehiago behar izan ez barnetegirik ez bestelakorik. Horrez gain, euskaraz kontsumitzen hasi nintzen: irratiak, egunkariak, aldizkariak... Parranda pila bat ere egin nuen, belarria  fintzeko, kar-kar!
Zer izan da zailena zuretzat?
Ez dut gogoratzen gauza zehatzik. Nahiko autodidakta izan naiz, eta, neurri batean, AEKn bilatzen dena egin dut: umeek hizkuntza bat ikasteko izan dezaketen prozesua. Alegia, gauzak entzuten dituzu, irakurri, eta, gero, bat-batean atera egiten dira. Zerbait ez banekien, ez nintzen gehiegi kezkatzen. Zailena, seguru asko, euskaraz irakurtzea eta gozatzea izango zen. Azkenean, iristen zara gozatzera, baina horretarako liburu batzuk irakurri behar dituzu. Hori, hasieran, frustragarri samarra zen. Bestalde, hizketan hasi nintzenean ere, zenbait unetan antzekoa gertatzen zitzaidan: euskaldunak topatu eta ez ulertzea zer esaten zuten.
Trikimailuren bat?
Ikasleei eta jendeari, oro har, hau esan izan diet: ez dago egun jakinik zure burua gai ikusiko duzuna, dagoeneko asko ikasi duzulako, kalean euskaldunekin euskaraz hitz egiten hasteko. Zeuk erabakiko duzu zein izango den egun hori: lehenbailehen egiten baduzu, askoz azkarrago ikasiko duzu. Ez dago mailarik horretarako. Beste aholku bat da zure egunerokotasunean leku bat bilatzea euskarari: irratian, noizean behin; telebistan; aldizkarietan, egunkarietan eta abarretan; edota pertsona jakin batzuekin zaudenean. Hau da, euskara ikasi nahi baduzu, zure bizitzan txertatu behar duzu, leku eta tartetxo batzuk bilatu behar dizkiozu. Eta, orduan, dena azkarrago doa.