“Nahiz eta ez ulertu, entzun; nahiz eta ez zaizun ateratzen, bota! Hanka sartzeko beldurrik gabe”

agnettiSara Agnetti
(Parma, Italia, 1984)

2016ko udaberrian etorri zen Donostiara. Iritsi bezain laster hasi zen ikasten: hasieran, bere kabuz; ondoren, Irrintzi AEK euskaltegian. Italieraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta parmeraz (jaio zen eskualdeko dialektoa) ez ezik, euskaraz ere ongi moldatzen da Agnetti.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Nire mutil-laguna euskalduna da, eta harekin batera euskara ezagutu nuen, nire bizitzan sartu zen.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Donostiara bizitzera etorri nintzenean, normala iruditu zitzaidan lekuko hizkuntza ikastea. Hizkuntzak gustatu egiten zaizkit, eta beste kultura eta hizkuntza batzuk ikasteak aberastu egiten gaitu. Hortaz, normala iruditu zitzaidan.
Nolako prozesua izan duzu?
Motela, kar-kar! 2016ko udaberrian iritsi nintzen hona, eta Bakarka liburua erosi nuen, pixka bat nire kabuz hasteko etxean. Ondoren, irailean, euskaltegian izena eman nuen. Etxean, saiatzen naiz telebista ikusten, irratia entzuten kozinatzen ari naizenean, eta liburu batzuk irakurtzen, nire mailako liburuak. Kalean gutxi hitz egiten dut, lagun gutxi batzuekin... Lanean (fisioterapeuta da), paziente batzuekin ere hitz egiten dut. Eskertzen diet! Batzuek euskaraz hitz egiten didate, eta halaxe jarraitzen dute, nahiz eta zailagoa izan.
Zer izan da zailena zuretzat?
Hasieran, subjektua identifikatzea esaldietan. Gero, aditzak. Ahalera eta... momentuaren eta esaldiaren arabera, baina aditzak.
Eta errazena?
Ez dakit! Lexikoa. Nik uste dut hizkuntzak ikasteko erraztasuna dudala, orduan...
Une barregarriak ere emango zizkizun...
Bai, bai, eta oraindik ere bai. Hiru urte ikasten eman eta gero, barregarria da Jose Luis Mendilibar Eibarko entrenatzailearekin gertatzen zaidana: pentsatzen dut zerbait ulertzen dudala, baina gero Mendilibarren elkarrizketaren bat entzun, eta ez! Pentsatu ezinik gelditzen naiz! Edo hau: Tolosako taberna batean kafea hartzen ari nintzen, bi emakume nituen ondoan eserita, berriketan, eta mutil-lagunari “Hori euskara da?” galdetzen nion begiradarekin.
Erabiltzen duzu?
Gutxi, baina bai. Saiatzen naiz, batez ere, irakurtzen eta entzuten. Bizikletaz ibiltzen naizenez, herri txiki batera joanez gero errazagoa izaten da: taberna batean kafea eskatzeko eta... Adibidez, Leitzan eta antzeko herrietan. 
Gustuko hitza edo esamoldea:
Bururik ez eta txapela nahi. Ricardo irakaslearekin noizean behin jokoa egiten genuen esaera zaharrekin, eta behin hori jarri zigun. Gustatu zitzaidan. Oroitzapenak ekartzen dizkit.
Trikimailuren bat?
Itxaropena ez galtzea. Hau da, segi eta segi eta segi. Nahiz eta ez ulertu, entzun; nahiz eta ez zaizun ateratzen, bota. Hanka sartzeko beldurrik gabe. Hasieran, telebista ikustean edo irratia entzutean, adibidez, ez nuen ulertzen. Baina pentsatzen nuen: zerbait sartuko zitzaidan! Eta bai, sartzen da.