“Pasioz eta ahaleginez egiten den guztia erraza da”

cidKarlos Cid Abasolo
(Madril, Espainia, 1963)

Gaztetan euskara bere kabuz ikasten hasi zenetik, euskararekiko pasioak bizi du Cid Abasolo. Urteak daramatza Madrilen euskara irakasten eta euskal kultura sustatzen; euskaraz bizi da. Besteak beste, txekieratik euskarara zenbait lan itzuli ditu, eta Euskadi Irratiko tertulietan parte hartzen du.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Txiripaz. Txikitan eta gaztetan, Portugalete herri ezin erdaldunagoan pasatzen nituen oporrak, urtero, baina kasualitatez bizkaiera ikasteko liburuxka batekin egin nuen topo, eta nire kasa landu nuen. Gero, Madrilera itzuli, eta bertako Euskal Etxeko euskara eskoletan eman nuen izena.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Urte asko igaro dira ikasten hasi nintzenetik, eta, adinagatik memoria huts egiten hasi zaidanez, ezinezkoa zait erabaki horren zergatia gogoratzea. Hori galdetzen didaten bakoitzean, erantzun ezberdina ematen dut. Oraingo honetan erantzungo dizut euskara ikasten hasi nintzela herri euskaldun bateko neska xarmagarri batekin maitemindu nintzelako, baina gera dadila gure artean gezurra dela, kar-kar!
Nolako prozesua izan duzu?
Madrilgo Euskal Etxean lau urte eman nituen euskara eskolak jasotzen, astean bitan, egun bakar batez ere huts egin gabe. Ikasteko prozesu horrek, baina, bi ardatz izan zituen: bigarren ikasturtea bukatuta, Atxondoko barnetegi batean hamabostaldi batez egotea, eta hirugarren ikasturtea bukatuta, Orozkoko Ibarra auzoko baserri batean hilabete ematea.
 Zer izan da zailena zuretzat?
Nire ustez, munduko edozein hizkuntza ikasten duenarentzat entzuten duena ulertzea da zailena. Izan ere, liburuetan ikasten den hizkuntza moldea urruti samar dago ahozko moldetik.
Eta errazena?
Oro har, oso erraza gertatu zitzaidan euskara ikastea, eta horrek badu azalpen bat: euskarak sorgindu egin ninduen, pasioz ikasi nuen. Eta euskara irakasten hasi nintzenean ere pasio bera nuen, halaxe segitzen dut gaur egun. Pasioz (eta ahaleginez, noski) egiten den guztia da erraza. Gaur egun, ordea, iruditzen zait euskaltegietara joaten diren ikasle asko arrazoi instrumentalengatik (hau da, lanpostu bat lortzeko) ari direla ikasten. Hori guztiz errespetagarria da, jakina, baina adi: hizkuntza bat arrazoi instrumental hutsengatik egokiro ikastea (eta berdin dio zein hizkuntzaz ari garen) oso-oso zaila da. Beraz, hona hemen aholku bat: euskara lanerako behar duzuelako ikasten ari bazarete, erants iezaiozue betebeharrari pasioa, eta, EGA gainditzeaz gain, zoriontsuagoak izango zarete.
Une barregarriak ere emango zizkizun...
Bai. Arrazolako barnetegian, adibidez, Hiztegia 2000ko hainbat hitz ikasten nituen buruz egunero, eta ikaskideek “hiztegi ibiltaria” deitzen zidaten.
Erabiltzen al duzu?
Egunero, Madrilen bizi arren. Etxean, alabarekin; lanean, berriz, Madrilgo Unibertsitateko Euskal Filologiako irakaslea naiz, Euskadi Irratiko tertuliakidea, literatura itzultzailea (txekieratik euskarara itzultzen dut), eta, azken boladan, poeta ere bai: irakur ezazue Keinu konplizeak nire liburua, ea zer deritzozuen.
Trikimailuren bat?
Euskara irakasleak galdetzen badizue “Zenbat urte ditu Mikelek?”, zuek “hogei” erantzuten badiozue, eta errieta egiten badizue “Mikelek hogei urte ditu” ez erantzuteagatik, izan zaitezte intsumisoak irakasle horrekin, baita “zeniezazkidaketen” eta halako erantzunak dituzten ariketekin ere. Euskara uste baino askoz errazagoa da!