“Berbalagun taldean, lotsa barik eta akatsak ahaztuta hitz egiten dugu, lasai”

monikaAitabitxiak Maite izena jarri nahi izan zion, baina epaitegian Maria Teresa besterik ez zioten onartu. Orduan, Mónica. Halere, Jimenezek beti idatzi izan du Monika, txikitan euskara ikasteko aukerarik eduki ez arren. Orain, Bilboko Santutxu AEK euskaltegian dabil, mintzataldean, baita Berbalagunen ere.

Monika Jimenez
(Bilbo, 1973)

Nolatan iritsi zinen euskarara?
DNAn daramat euskaldun izaera, eta behin eta berriz saiatu nintzen ikasten, nerabezarotik, baina utzi egin behar izaten nuen, lanagatik eta. Duela hamar bat urte hasi nintzen serio, hiru seme-alaba ditudalako.
Nolako prozesua izan duzu?
Hasiera oso polita izan zen, dena zelako berria, baina gramatika sartzean konplikatu egin zen kontua. Ez nuen aurreratzen, sentsazioa nuen hizkuntz eskakizunei begira ikasten ari ginela, baina nik hizkuntzak maite ditut: ingelesez badakit, frantsesez ere bai apur bat... Duela bost bat urte erabaki nuen ikastaro arruntak utzi eta mintzataldean eta Berbalagunen sartzea. Ordutik, zoragarria izan da, gozatu egiten dut euskaraz. Antolatzen diren txango guztiak aprobetxatzen ditugu, museorako bisitak... edozein ekintza.
Eta zelan mintzapraktikarekin?
Mintzataldean eta Berbalagunen, denetariko jendea ezagutzen da, lanbide askotakoa; hala, gauza askori buruz hitz egiten dugu, eta hizkuntza maila aberasteko aukera dugu. Astean birritan joaten naiz mintzataldera, bost ordu astean. Barikuetan, berbalagunekin geratzen naiz kafea hartzeko, bospasei lagun, ordu eta erdi inguru. Lasaitasun handiz hitz egiten dugu, lepotik zama guztia kenduta, lotsarik gabe eta akatsak ahaztuta.
Zer izan da zailena zuretzat?
Ergatibo maitea! Izan da, eta da! Ez dakit zenbat K jan ditudan dagoeneko, kar-kar!
Une barregarriak ere izango ziren...
Eskoletan barre asko egiten dugu. Liburua irakurtzen dugunean, adibidez, atalez atal komentatzen dugu, ahoz, eta bakoitzak nahi duguna ulertzen dugu. Irakurri dugun azkena Eulien bazka izan da.
Erabiltzen duzu euskara?
Bai, umeen eskolako irakasleekin euskaraz hitz egiten dut askotan. Horrez gain, guraso elkartean nago, eta gurasoen erdiak euskaldunak direnez, euskaraz hitz egiten didate. Gero eta gehiago erabiltzen dut kalean. Euskaraldiari esker, badakigu nor den nor, eta egiten dugu ahalegina euskaraz komunikatzeko. Etxean, umeekin ere bai, noski.
Gustuko hitza edo esamoldea?
Zerbait egiteko agintzen diedanean, asko erabiltzen dut umeekin Geroa, alferraren leloa atsotitza. Haiek ere buruz ikasi dute, kar-kar!
Trikimailuren bat?
Marrazki bizidunak ikustea umeekin! Etxean, Goazen! telesaila ikusten dugu ostiralero, familia osoak, nahiz eta senarrak gutxi hitz egin euskaraz. Primeran datorkigu, asko ikasten da.
Eta hemendik aurrera?
Hizkuntza bat, praktikatzen ez baduzu, ahaztu egiten da. Beraz, jarraituko dut, hizkuntza bat ikasteko inguru osoan murgildu behar delako, baita kulturan ere.