“Nahia da kontua: ikasi nahi baduzu, edozer da posible”

justineJustine Quincarlet
 (Roazhon, Rennes, 1988)

Sortzez bretoia, gaztetan Euskal Herrira etorri eta euskararekin maitemindu zen Quincarlet. Hala, Euskal Herrian euskaraz bizitzea izan zuen helburu. 2013tik, Baionan bizi da, euskaraz bizi ere, eta euskara eskolak ere ematen ditu, borondatez.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Duela 17 urte edo, Euskal Herrira etorri nintzen oporretan gurasoekin, eta hizkuntzarekin maitemindu nintzen. Herriarekin eta, batez ere, hizkuntzarekin. Bat-bateko zerbait izan zen. Ez dakit nola azaldu... identitate hori hain indartsu sentitzea eta hizkuntza partekatzea, horixe zen niretzat politena. Horregatik, bigarrenez itzuli ginenean, gurasoei esan nien hemen bizi eta euskara ikasi nahi nuela, eta kito.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Niretzat, hori zen garrantzitsuena. Ez zitzaidan burutik pasatzen ere hemen euskara jakin gabe bizitzea, niretzat dena zelako euskara. Banekien euskara jakin ezean esentzia galduko nuela.
Nolako prozesua izan duzu?
Lehenik, Bretainian hasi nintzen ikasten, Bakarka metodoarekin. Assimil metodoarekin ere hasi nintzen, baina, batez ere, Internet bidez ikasi nuen: egunero-egunero irratia entzunez, kantuak... Nagusiki kantuak, asko gustatzen zaidalako kantatzea. Gainera, ikasketak utzi nituen, eta denbora gehiago nuenez, hori egiten nuen egunero. Ondoren, duela 6 urte, Euskal Herrira etorri nintzen, helburu berarekin: lana aurkitu eta hemen bizi baino lehen, lehen-lehenik euskara ikastea. Udan etorri nintzen, eta lehen ikastaldia Miarritzen egin nuen, bi astez. Esperientzia zoragarria izan zen. Zeren lehendik banekien euskara ulertzen nuela, banekien banekiela, baina ez nintzen hitz egitera ausartzen. Hortik aurrera, izugarria izan zen: askatasun handiagoa sentitu nuen, hitz egiteko gai nintzelako; horrek ez zuen preziorik. Hori bizi eta gero ezin nuen pentsatu ere egin Bretainiara itzultzea. Ez zen posible, eta erabaki nuen hemen gelditzea, nahiz eta lanik ez izan. Zorionez, nahiko azkar aurkitu nuen lana. Ondoren, Baionako Gau Eskolan hasi nintzen ikasten. Bi edo hiru urte egin nituen han.
Zer izan da zailena zuretzat?
Euskal Herrira etorri baino lehen, hitz egitea. Euskal Herrian banituen lagun batzuk, baina ez zen erraza mintzatzea; Bretainian, bakarrik nintzen, eta ezin nuen inorekin harremanetan hasi... Hori izan zen zailena.
Eta errazena?
Euskal Herrian nintzenean, parte hartzea. Hau da, asteburuz asteburu, euskaraz zerbait antolatzen zen bakoitzean, haraxe joaten nintzen: bertso saioak, Herri Urrats, bestaren bat...
Une barregarriak ere emango zizkizun...
Bai, noski. Oroitzen naiz behin Zarautzera joan nintzela bertsoak entzutera. Garai hartan, nire maila oso apala zen. Saioa non zen ez nekien, eta jende batzuei galdegin nien. Haiek nondik nentorren galdetu, eta nik erantzun nien euskara ikasten ari nintzela eta bertsoak entzutera nindoala. Haiek zera esan zidaten: “Zaila da! Belarrietarako ona, baina bururako nekagarria!”. Bada, egia zen, kar-kar!
Erabiltzen al duzu?
Bai. Nire eguneroko hizkuntza da, eta hori zen, eta da, nire helburua: Euskal Herrian eta euskaraz bizitzea.
Trikimailuren bat?
Dena da nahiaren kontua. Ikasi nahi baduzu, edozer da posible. Hau da, edozer baliatzen ahal duzu euskara ikasteko. Euskal Herrian izan gabe ere, badezakezu, hala nahi duzulako.