“Lotsak eta beldurra galtzea, horixe da gakoa”

 mauManu Bendala
 (Sevilla, Andaluzia, 1983)

Duela hamar urte etorri zen bizitzera Euskal Herrira, eta buru-belarri hasi zen euskalduntzen, bai euskaltegian bai Maizpideren barnetegian. Egun, euskaraz bizi da: Gasteizko Zadorra AEK euskaltegian irakaslea da, eta bertsolari ere aritzen da, besteak beste.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Hona etortzeaz batera. Lehenago ere, zenbait udatan etorri nintzen udalekuetan lan egitera, eta orduan ezagutu nuen lehenengoz euskara: karteletan, abestietan... Libretatxo bat izaten nuen aldean, lagunei etengabe galderak egiten nizkien, eta han apuntatzen nituen gauzak. Gainera, hasieratik atentzioa eman zidan. Ikuspuntu erromantikoaz ikusi nuen nola zegoen lotuta hizkuntza hain herri txiki, baina aldi berean handi honekin: zelako ahalegina egiten zen hura babesteko, ez galtzeko...
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Batez ere, herriaren eta herriko kulturaren parte sentitu nahi nuelako. Berehala ulertu nuen beharrezkoa zela, kultura eta hizkuntza erabat lotuta zeudela, ezinezkoa zela kultura ulertzea hizkuntzara hurbildu gabe, eta alderantziz. Beti aipatzen dut Xalbadorren bertsoa: Herria da gorputza eta hizkuntza bihotza. Nik biak ezagutu nahi nituen. Argi nuen hain hizkuntza berezia ezagutzeko aukera aprobetxatu behar nuela. Gainera, herriarekiko eta kulturarekiko errespetu kontu bat iruditu zitzaidan.

Nolako prozesua izan duzu?
Atsegina. Oso praktikoa, batez ere; oso esker onekoa. Sekula ez naiz izan trebea hizkuntzak ikasten, agian hemen aurkitu nuen feedback hori falta zitzaidalako. Lotsarik gabeko prozesua izan da. Nahiz eta gutxi jakin, beti erabiltzen nuen nekien apurra, eta oso atsegina zen besteen, euskaldunen, erreakzioa ikustea eta sentitzea: beti eskertzen zuten. Prozesu erromantikoa ere izan zen: zenbat eta gehiago ezagutu, gero eta maiteminduago nago. Gainera, prozesu kontzientea izan da. Horregatik sentitzen naiz honen harro euskalduna naizela diodanean, une batean eta modu kontzientean  euskaraz bizitzea erabaki nuelako.
Zer izan da zailena zuretzat?
Alde batetik, doinua edo intonazioa harrapatzea. Kostatu egin zitzaidan. Askotan, testu bat irakurtzean, besteak ez zuen ulertzen. Bestetik, zaila egin zitzaidan ulertzea hitzez hitzeko itzulpena egitea ezinezkoa dela, maiz. Azken finean, estruktura ezberdina da... kostatu zitzaidan hori barneratzea.
Eta errazena?
Praktikan jartzea. Nahiz eta gutxi jakin, argi nuen ezinbestekoa zela lotsak kanpoan uztea eta mingaina erabiltzea, hanka sartzeko beldurrik gabe. Horrez gain, zorionez, inguruan izan nuen norekin praktikatu eta norekin erabili. Hortaz, hasieratik erraza egin zitzaidan euskara erabiltzea.
Erabiltzen al duzu?
Jakina. Egun, euskara da nire bizitzaren ardatza. Sevillan badaukat familia, betiko kuadrilla... beraz, gaztelaniaz ere dezente bizi naiz. Baina nire eguneroko jardunean, euskara erabiltzen dut, eta egun euskaraz egiten dut lanean, aisialdian, nire pasioan (bai euskara bai bertsoaren mundua)... Protagonismo handia dauka, eta euskalduna naizela esan dezaket.
Trikimailuren bat?
Lotsa galtzea. Erabili eta erabili, bai belarriprest bai ahobizi. Hau da, irratia entzun, telebista ikusi... nahiz eta dena ez harrapatu, buruak ohitura hartzeko. Lotsak eta beldurra galtzea, hitz egitea, gauza batzuk gaizki esan arren, hanka sartu arren. Nire ustez, horixe da gakoa. Ikasleek jakin behar dute haiek uste baino gehiago dakitela. Beti izaten dute erabiltzeko beldurra, lotsagatik,  baina ziur aski beraiek uste baino hobeto egiten dute. Konfiantza izan behar da.