“Ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izatea abantaila handia da”

arantxaArantxa Cerezo Baselga
(Altza, 1972)
Euskara ikastetik euskara irakastera. Bide hori egin du Cerezok, txikitatik. Etxean ez zuen euskararik jaso, A ereduan ikasi zuen, baina gurasoek bultzatuta txikitatik ikasten hasi, euskaldundu, eta AEKn hasi zen irakasle. Egun, Donostiako Irrintzi AEK euskaltegian ematen ditu eskolak.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Gurasoek bultzatuta. Familia ez da euskalduna, baina gurasoek beti izan dute euskararekiko grina. Txikia nintzenean, Herri Ametsa ikastola ireki zuten Altzan. Gurasoak hara joan nendin saiatu ziren, baina garestiegia zen beraientzat, eta, azkenean, Altzako eskola publikora joan nintzen. Eskolako guraso batzuk harremanetan jarri ziren garaiko gau eskolako irakasleekin, eta eskolaz kanpoko jarduera moduan euskara eskolak antolatu zituzten. Orduan hasi nintzen, 10-12 urterekin.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Bai eskolaz kanpo bai eskolan, euskara irakasten zigutenak saiatzen ziren, ahal zuten heinean, euskaraz bizi gintezen. Baina 16 urterekin egin nuen urrats kontzientea, Lesakara bizitzera joan nintzenean. Hantxe ikusi nuen beharrezkoa izango nuela euskara, nahi baldin banuen kuadrilla egin, kalera atera... Beste modu batera ulertzen zen euskara, eta nik horren parte izan nahi nuen. Hala, AEKn eman nuen izena.
Nolako prozesua izan duzu?
Nahiko praktikoa izan zen. AEKren materialak praktikotasunari begirakoak ziren oso, hortaz, ikasten genuena erabili egiten genuen. Lesakan, ahal nuen moduan, baina euskaraz egiten nuen kalean, behin eta berriro. Bizpahiru urtez aritu nintzen euskaltegian, eta barnetegian ere izan nintzen. Donostiara bueltatu nintzenean, unibertsitate ikasketak gaztelaniaz egin nituen, baina 5. mailan ikasgai pare bat euskaraz, probatzeko. Haiek gaindituta, Donostiako Irrintzi euskaltegian EGA eskuratu nuen, 1999an. Urte berean, eskaintza egin zidaten AEKn irakasle izateko. Amara auzoan hasi eta ondoren, irakasleak behar zituztela eta, Altzara joan nintzen. Han, lankide izan nuen txikitan irakasle izandako Lurdes Zapirain.
Zer izan da zailena zuretzat?
Egia esan, nahiko prozesu naturala izan zen, erabili egiten nuelako.
Eta errazena?
Horixe bera: ikasten nuena praktikan jartzeko aukera izan nuela. Abantaila handia da.
Erabiltzen al duzu?
Bai, euskaraz bizi naiz, eta saiatzen naiz, nahiz eta nire bizilekuan, Altzan, zailtasunak izan euskaraz bizitzeko. Alaba bat daukagu, eta argi genuen euskalduna izango zela, ama hizkuntza euskara izango zuela. Gaur egun, Altzako ikastolan dabil. Hau da, nolabait itxi da zikloa: guk ezin izan genuena alabarekin lortu dugu. Horri lotuta, bikotekideari eta alabari 20. Korrikako kilometro bat egin nien opari. Altzan egin zuten, eta nire lehenengo irakasleetako batek eman zien lekukoa. Sinbolikoki, oso une garrantzitsua izan zen niretzat.
Trikimailuren bat?
Ez dago magiarik; kontua da erabiltzea, eta norberak hautu hori egitea. Kontzientea izan behar duzu, eta ikastea aukeratu. Bestela, ez du balio. “Behartu naute” eta horrelako aitzakiak alde batera utzi behar dira; pentsatu behar duzu “Egingo dut”, eta kito. Nire ustez, merezi du. Bat-batean, konturatzen zara badagoela beste mundu bat, zure ondoan zegoena, baina paraleloki. Ahalegin txiki hori egiten ez baduzu, bizi zaitezke mundu hori ezagutu gabe. Baina hementxe bertan dago! Orduan, nolatan ez naiz ni hurbilduko, ahal izanez gero? Uste dut posible dela.