“Akatsak egitea oso normala da”

tamaraTamara Delgado Valerio
(Mendabia, 1993)

Filologia Klasikoa gradua bukatuta, Hizkuntzalaritza masterra aurkeztu berritan harrapatu dugu Tamara. Oraingoz, familiaren negozioan egiten du lan. Nekazariak dira, eta Gasteizko azoka ibiltarira eramaten dute uzta. C1 mailan dabil gaur egun, euskaltegian.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Herrian euskara ikasteko aukera sortu zen, lau urte nituenean. Oiondik hurbil gaudenez, tarteka ETBko marrazki bizidunak ere ikusten nituen. Baina 10 urterekin, koloreak eta zenbakiak besterik ez nekien. Gasteizera unibertsitatera etorri nintzen eta 2016ko otsailean animatu nintzen euskara ikasten hastera.
Zergatik erabaki zenuen ikastea?
Txikitako arantza kendu nahi nuelako. Gainera, nahiz eta euskara ofiziala izan, eta jakin arren, oso jende gutxik hitz egiten du kalean. Egoera aldatzen lagundu nahi nuen, zerbait egin. Finean, gure hizkuntza da, linguistikoki oso berezia. Zortzi mila urte baino gehiago darama, mendez mende biziratuen, eta mundu osoan dago euskara interesgarria iruditzen zaion jendea. Ezin dugu galtzen utzi.
Nolako prozesua izan duzu?
Zorte handia izan dut taldearekin. Astean 10 ordu egiten genituen euskaltegian, baina handik kanpo beti geratzen ginen gure artean hitz egiteko, denok hartu genuen hasieratik euskaraz hitz egiteko konpromisoa. Hasieran, ikaskideak ziren praktikatzeko nire aukera bakarra, unibertsitatean ezagutu nituen bi lagunez gain.
Zer izan da zailena zuretzat?
Hitzen ordena esaldi barruan, eta ergatiboa ere ez nuen ondo erabiltzen. Akats horiek zuzentzeko, esaldiak sortzen nituen, egiturak automatizatzeko. Adibidez, “Juanek esan dit kamiseta berdea duenak ekarriko duela ogia”, eta antzekoak.
Une barregarriak ere izango ziren...
Hitzak nahasten ditut batzuetan, isun eta lizun, adibidez. Behin jarri nuen idazlanean autora joan, eta bertan lizun bat ikusi nuela. Irakaslea flipatuta, kar-kar! Ikaskide batek suminduta zegoela esaten zuen askotan, eta nik idazlan batean jarri nuen sumendi nengoela! Horrelakoak, pilo bat!
Erabiltzen duzu euskara?
Orain bai. Bikotekidea euskalduna da, eta bere lagunekin ere euskaraz egiten dut. Gainera, harremanetan jarraitzen dut ikas prozesuan ezagutu ditudan pertsonekin. Azokan, paparrean txapa bat jartzen hasi nintzen, euskaraz jarduteko, eta lortu dut bezero batzuekin. Mendabiara joaten naizenean, orain badugunez ikastola, umeekin euskaraz aritzen naiz, baita euskara elkartekoekin ere.
Gustuko hitza edo esamoldea?
Etimologikoki, asko gustatzen zaizkit aizkora eta aitzurra, euskara aspalditik datorrela erakusten dutelako. “Zoaz antzarak ferratzera” esamoldea ere asko gustatzen zait, grazia egiten dit norbait horretan imajinatzeak! “Ahuntzaren gauerdiko eztula” ere oso polita da.
Trikimailuren bat?
Hasieran, zertxobait nekienean, pentsatzen nuen guztia ozenki esaten nuen, euskaraz, neure baitako ahotsa euskaratzeko. Oharrak (erosketa zerrenda, adibidez) euskaraz idazten hasi nintzen, ETB1 jartzen nuen etxean, eta autoan euskal abestiak bakarrik entzuten nituen. Poliki-poliki, dena aldatzen da buru barruan. Gero, aukera neukan guztietan euskaraz hitz egitea erabaki nuen, baita ezezagunekin ere. Garrantzitsuena beldurra galtzea da, akatsak egitea oso normala baita, beharrezkoak dira prozesuan. Duela gutxi lortu nuen, lehenengo aldiz, euskaraz amets egitea! Zoragarria izan zen!