Hogeita hamar urte bete ditu Gasteizko Gaztetxeak. 1988ko apirilaren 28an okupatu zuten, eta, ordutik, autogestioa oinarri, erreferente bilakatu da hirian arlo askotan egindako lanarengatik: kultur eskaintza, aldarrikapenak, herri mugimendua... Urteurren berezia izango da, ospatzeko moduarengatik: hiriko beste zenbait eragilerekin batera, urteurren bateratua egingo dute. Zehazki, autogestioa ardatz duten hiriko beste zenbait eragilerekin, haiek ere urtebetetze biribilak baitituzte aurten: ekainean, 10 urte beteko ditu Auzolana Pilotalekuak; abuztuan, 35 urte Hala Bedi irratiak; eta irailean, 5 beteko ditu Errekaleor Bizirik! egitasmoak. Denek elkarrekin, OkupaTU Gasteiz dinamika sortu dute eta, besteak beste, ekimen hauek egingo dituzte, Bihurri eta harro, súbete al carro lelopean: urtarrilean, ekologismoari loturiko ekintzak burutu dituzte; otsailean, gazte mugimendua izango da protagonista; martxoan, feminismoa; apirilean, okupazioa eta autogestioa jorratzen duten eragileak; maiatzean, preso eta iheslariak; ekainean, Alde Zaharreko eragileak; eta uztailean, internazionalismoa. Azkenik, urriaren 6an, OkupaTU Gasteiz eguna ospatuko dute. Zorionak, beraz, gaztetxeari eta gainerako eragile bihurri guztiei!